BAIONA, GOIZA

Zinez harriturik geratu natzaio begira. Eguna altxatzen zihoan ortzaizean gorri eta urdin. Argitasun meharrak etxe aitzineko zuhaitzak distira arazten zituen Caspar David Friedrichen margo batean bezala. Eta haize hegoa, gure zauri erreal eta metaforiko guztien gozatzaile.

Posted in Sailkatugabeak | Leave a comment

OIKOMONOS I

Grezian eta Italian Europear Banku Zentraleko arduradun ohiak izendatuko dituzte gobernu buru, idorreria ekonomiko zakarra areagotzea helburu. Ez da seinale ona gure adiskide mediterranearrentzat. Ekonomiak politika gainditzen eta zapaltzen duela argi dago, merkatuek jada manatzen dutelarik orainaren zein geroaren alorra. Ametsa debekatu eta piztia ase baizik ez dute eginen. Merkozy pozik dago, segur baita jada Alemandar eta Frantziar bankuek beraien dirua berreskuratuko dutela. Oroitu gaitezen iragan mendean Portugalen ekonomialari batek diktatura gogorra kudeatu zuela berrogei urtez.  Diktatura guztiak aberatsenen zerbitzuko daude, edonon munduan.

Posted in Sailkatugabeak | Leave a comment

BLING BLING I

Bartzelonatik itzuliz geroztik, via Frankfurt eta Wiesbaden, Maria Mercé Marçalen La Passio seguns Renée Vivien nobela irakurtzen dut gauez. Katalaneraz. Hamar bat orrialde arrats oroz. Eta izugarria zait, adibidez honakoa idazten duelarik: “Els que diuen que estimen infinitament, estimen infinitament poc…” Edo Colette Willyren errana errepikatzen duenean: “El meu marit us besa la mà. I jo, tota la resta…” Irriz lehertzekoa. Bide nabar bling-bling senditzen naizela aitor dut, nire katalandartasuna hedatzen doalako MMM erraldoitik Pep Guardiola zaintsuraino. Crakovia emankizuneko Guardiola noski.

Posted in Sailkatugabeak | Leave a comment

MUNDUA, BAT

 Ni neu ere euskarara makurtzen naiz. Plegatzen. Tolesten. Bloga gure hizkuntza zaharrean irekitzen dut, aditzak eta hitzak ur jauzi horretarik edaten ditudalako. Ongi etorri bada! Aldarrai ibiliko gara, egunen eta gertakarien isurian, beste helburu finkorik gabe.

Posted in Sailkatugabeak | 1 Comment